"Jakina ez dela erraza zeure materialetik irtetea, eta mingarria ere izan daiteke, segurtasunik eza dago horretan... egia esan, hori izango da ziur aski mailarik esperimentalena. Noiz uste duzu gertatzen dela benetako berrikuntza/esperimentazioa? Seguru asko jendea berria zaion egoera batean aurkitzen denean, ez baita oso seguru sentitzen, beldur da, eta hor egin behar du jendeak ahalegin bat. Jendea berritzailea izaten da zaborretik ateratzen denean... Ez dakit zehazki zer nahi dudan, baina zehazki dakit zer ez dudan nahi.
Radu Malfatti-ri egindako elkarrizketa batetik
Musika inprobisatuak gisa horretako egoerak gerta daitezen behartzen du musikariek elkarri presioa egiten diotenean perspektiba askotarikoak erantsi nahian. Ez da musika inprobisatua berez progresiboa delako, baina, hori bai, bultzatu egiten zaitu etengabe esperimentatzera: musikariak beren ikuspuntuaz seguru sentitzen direnean, esperimentazioa manierismo bilaka liteke. Hemen une berezi horiek aztertu nahi nituzke, zeinetan musikariek gune seguru bat atzean utzi eta agerian geratzen baitira musika preziatzeko orduan agintzen duten iritzi egitura barneratuen aurrean. Nik une hauskorrak esaten diet une horiei.
2003ko udan Vienan denboraldi bat pasatzeko aukera izan nuen, musika inprobisatuaren konnotazio politikoak ikertzen. Ez dut esango harreman zuzenik aurkitu nuenik, baina elkarrizketen bidez, kontzertuetara joanda eta beste musikari batzuekin jota konturatzen joan nintzen inprobisazioak, musika produkzioaren barruko agentzia politikoa den aldetik, duen potentzialaz, baita haren mugez ere. Testu honetarako, Radu Malfattirekin nire ikerketaren barruan izan nituen elkarrizketak hartu ditut abiapuntu. Malfatti tronboi-jotzailea 70eko hamarkadako free jazz inprobisatutik dator, eta orain kontzentratuago dago musika lasai-lasai eta dentsitate gutxikoan. Emanaldia egiteko haren modua inprobisazio jarraituan gerta litekeen gelditasunaren aurka doa. Gelditasuna saihestean, Malfattik lehen aipatu ditudan egoera ez-seguru horiek bilatzen ditu. Niretzat, egoera horiek dira musika kritikaren egitura menderatzaileak zalantzan jar litzaketen bakarrak.
“Ez dago izaera suntsitzailea inspiratzen duen ikuspenik. Halako izaera batek premia gutxi ditu, eta haietan txikiena da suntsitua izan denaren ordez zer joango den jakitea”.
Walter Benjamin, The Destructive Character
Nola aurresan zenezake lor zenezakeena, ez baldin badakizu bidean zer topatuko duzun? Irekia, harkorra eta musika inprobisatua jotzeak dakarren arriskuan egoteak zeure segurtasunaren zimenduak eraits litzaketen nahi ez diren egoeretan jar zintzake. Musikariek erabateko eskaria galdatzen den egoeretan jartzen dute beren burua; gerta litekeenaren ezein ikuspenik ezin ekar liezaioke inolako erantzunik une zehatz hari. Hor zaudenean, ez dago atzera egiterik, ezin damu zaitezke egin duzunaz. Zalantzan jarri behar duzu zeure segurtasuna, murriztapen moduan ikusi hura. Erabateko kontzientzia duzu eta beldur zara, korridore ilun batean bazeunde bezala, eta orain kontua da jabetzea hormak zirela uste zenuen hura zure irudimenean bakarrik existitzen zela.
Zure zentzumenek arriskuaz ohartarazten zaituzten bitartean, haietaz baliatuko zara hari aurre egiteko. Jarraitu aurrera egiten ezagutzen ez duzun horretarantz, zure ezagutza eta hartaz egiten duzun erabilera zalantzan jartzen duen horretarantz. Jarraitu ahalegintzen, beste musikariek presionatu egingo zaituztela jakinda, erosotasun hondarrak ordezteko. Une horretaz ezin fida zaitezke, une horri ezin aplika dakioke inongo definizio egonkorrik. Une horretan elkartzen diren berezitasun guztiei lotuta dago, eta haien aurrean zenbat eta sentiberagoa izan, gero eta gehiago lan egin ahal izango duzu haiekin (edo haien aurka). Apurka-apurka lotuz joan zaren aurretiko murrizketekin hausten ari zara, espazio sozial berezia sortzen ari zara, beste inora esporta ezin daitekeena. Elkarlan forma desberdinak eraikitzen, harremanak sortzeko aurreko moduak baztertzen ari zara.
Hemen zerbait ari da gertatzen, baina zer? Zaila da esatea, baina horretan intentsitatea dago, inondik ere. Une horiek artikulatzen ia ezinezkoak dira; sailkapena arbuiatzen dute, irudikapena saihesten.
Behartuta gaude inprobisazioaren unea osatzen duten baldintza material eta sozialak zalantzan jartzera; normalean horiek balioztatu egiten dute inprobisazioa finkatutako musika genero moduan.
Ez badute balioztatzen, gerta liteke “unea” fetixe bihurtzea, eta haren ondorioak saihestea.
"Gelditasunaz eta progresioaz ari bagara, zertaz ari garen esplikatzen lagunduko digun tresna bakarra existitzen da, eta tresna hori denbora da, Historia”.
Radu Malfatti-ri egindako elkarrizketa batetik
Radu Malfatti musikari jakin batzuek musika ortodoxiarekin egin dituzten hausturez mintzatzen denean, haustura horiei nola egin dieten aurre aztertzen du. Batzuk saiatzen dira topatu dituzten une hauskorrak sendotzen edo bermetabolizatzen; beste batzuk aurreko beren praktiken segurtasunera itzultzen dira, besterik gabe. Oso gutxik lortzen dute une hauskor horren bila jarraitzea; beharrezkoa izango litzateke musikariek haustura anitzak egitea beren tradizio propioekin. Errazagoa da nolabaiteko koherentzia bat bilatzea norberaren praktikaren baitan: lerro mehe bat dago ikerketa lerro zehatz baten bilaketan behin eta berriro saiatzearen eta geure metodoetan eroso sentitzearen artean.
Gauza berriren bat gertatzen denean, jendeari ez zaio gustatzen. Hori bezain sinplea da... Horren inguruan ez dago ezer egiterik.
Radu Malfatti-ri egindako elkarrizketa batetik
Balio menderatzaile berrien eta zaharren arteko dikotomian gauza desberdin eta kokatzen zaila agertzen denean, ez da erraza izaten arreta harantz zuzentzea. Aldi berean, musika industriarentzat ere ez da merkaturatzen erraza.
Egin duzunaren garrantzia inork aitortu ezin baleza ere, bizirik mantendu behar duzu konfiantza. Gogorra da bakarrik egotea nora eramango zaituen ez dakizun zerbaiterantz lanean ari zaren bitartean; zerbait horrek zure ibilbide artistikoa suntsi lezake, eta oso gogor lan egin duzu ibilbide hori eraikitzen. Eta jakina, musika erabiltzen duzunean, ez gauza bat edo beste (errekonozimendua, estatusa...) lortzeko tresna gisa, baizik modu kreatibo oldarkorrago batean, horrek alienazioa sortuko du. Baina zer suposatzen da egin behar duela musikari inprobisatzaileak: Izendatzaile komun txikienaren norabidean lan egin, eta jende gehiago identifikatuko den musika mota bat jo?
Musika inprobisatuak musika produkzio forma zaharretan pitzadurak irekitzeko ahalmena du, baina musikarien esku dago haiek zarrastatzea sarbide baten bila. Onargarritasun alor berriak zabaltzeak hauskor bihurtzea dakar, harik eta estutzen gintuzten beldurrak apurtzen ditugun arte.
Hemen ez gara ari jende gehienaren lan baldintzak aldatzeaz, baina jakitun izanda kulturak, sormenak eta komunikazioak “harresirik gabeko” fabrika berriaren tresnak bihurtzen ari direla, susmatu beharra dago kapitalak esplota litzakeen kultur praktikak eskaintzen dituzten bideez. Hori dela eta, etengabe jarri behar ditugu zalantzan geure motiboak, geure modus operandi eta sartuta gauden egoerarekin hark duen harremana, gure baitan harresi ideologikoak sortuko dituen sistema batek berreskura ditzan saihestearren. Egoera horren aurka egiteak arriskua eta segurtasunik eza dakar. Hura zeharkatzeak konpromisoa eta Walter Benjaminek “izaera suntsitzailea” esaten zion haren zerbait ekarriko du.
“Izaera suntsitzaileak gizaki historikoaren kontzientzia dauka, eta haren emozio sakonena gertakarien bilakaerarekiko mesfidantza gaindiezina da, eta dena gaizki irten daitekeela aitortzeko prestasun iraunkorra. Hortaz, izaera suntsitzailea erantzukizun hutsa da. Izaera suntsitzaileak ez du ezer iraunkor ikusten. Baina arrazoi horrexegatik bide bat ikusten du”.
Walter Benjamin, The Destructive Character
Mattin, 2005eko uztaila, Londres
copyright askea