Oi, izugarri atsegin dut askatasuna! Baina zer da hori?



Joko batean jokalarietako baten garaipena berrezarri beharreko jatorrizko egoera bat barik (jokoari dagokionez), jokoa baino lehen existitu ez baizik haren ondorioa den era berean, indarkeria purua ere -hala esaten baitio Benjaminek ezein legek ez fundatu ez babestu egiten ez duen giza ekintzari- ez da giza ekintzaren jatorrizko figura bat, halako une batean hartu eta ordena juridikoan inskribatzen dena (pertsona hiztunarentzat existitzen ez den bezala inolako errealitate aurrelinguistiko halako batean hizkuntza bilakatuko litzatekeena).

Agamben, State of Exception


Kontraesankorrak diren gizarte harremanetan sartuta gaudela ulertzen dugunean, ikus dezakegu halaber kontraesanak beraiek sakonagoak direla haiek antolatu nahiko lituzkeen legea baino.

De Selby



Inprobisazioa, praxi hutsa. Ezinezkoa da jokotik kanpo egotea, baina instrumentua jo ahal izateko ez da beharrezkoa arauei lotuta egotea. Batzuetan, musikariek instrumentuak ustekabeko moduan erabiltzen dituztenean, konbergentzia uneak sor daitezke, komunikazioko uneak. Instrumentuaren alderdi materiala murrizketarik gabe esploratzeak hori lor dezake. Musikaria musika jotzeko orduan ikuspegi pertsonal bat garatzeko gauza baldin bada, hori ez da modu bakartuan gertatzen, kolektiboki baizik, musikarien eta entzuleen artean. Musika inprobisatuak esanahia sortzen du musika komertzializatuak kanpoan utzi nahi duen hondakinetik abiatuta, ez etorkizunean erabiltzeko birziklatu nahian, musika jotzeko ekintza fisikoa egituratzen duten balio-hierarkiak aldi batez suntsitzeko baizik.



Inprobisazioan soinuak igortzen direnean, horrek zalantzan jar dezake soinuaren denbora eta espazio alorreko gure ulerpena, eta errealitatean hartzen duen lekua. Emanaldira entzule gisa daramatzagun joko arauek ez digute ezertarako balio musikariek beste modu batean jotzea erabaki badute. Musikarentzat “mugagailu” bat zeneukala jabetzen zaren une horrek kolokan jarrarazten ditu beste zenbait nozio, eta hauskortasuna ekarriko dio zure ulerpenari. Sarritan, musikari lagun egiten dioten barne arau edo parametroak beste indar batzuek barne hartzen dituzten berberak dira. Politika gizarte harreman potentzial moduan ulertzen baldin badugu, politika bat suma dezakegu inprobisazioaren esplorazio-osagai horretan.


Beraz, badirudi nozio komunak gure ahalmenari lotuta dauden ideia praktikoak direla; haien erakusketa-ordena ideiei bakarrik dagokie, baina haien eraketa-ordena afektuei dagokie, eta erakusten du gogoak “bere afektuak ordenatu eta elkarrekin lotu ditzake”ela. Nozio komunak Arte bat dira, etikaren artea bera: topaketa onak antolatzea, harreman errealak osatzea, indarrak eratzea, esperimentatzea.

Deleuze, Practical Philosophy



Deleuzerentzat, nozio komun baten ahalmenak praktikara eramatean garatzen dira. Nozio komun baten barruan, subjektibitateak eratzen dira; nozio komunaren geroko erabilerak garatzen du haien “izaera”. Nozio komun bat estilo bilakatzen baldin bada bakarrik izan daiteke arau bat: hala nola, musikari baten aurpegiera edo keinuak beste bati kutsatzen zaizkionean. Non eta gauza ez zaren estilo hori kutsatzeko, arauak aplika daitezkeen beste txantiloi bat besterik ez da izango.



Eratu gabeko praxia


Produktuak (edo amaiera erabakigarriak) egiteak parametroak identifikatzen errazak izatea dakar, eta artelana zeureganatzea ahalbidetzen dizu (jakina! Ulertzen dut!). Gaur egun, lan espezifiko baten produkzio moduan ulertzen da eskuarki “praxi” hitza. Horrek esan nahi du amaiera bat, epe bat, muga bat izan behar duela zure ahalmenak. Inprobisazioa, beste aldetik, berriro bihurtzen du jotzearen ekintza arte praxiaren foku nagusi. Egia esan, praxiaren esanahi arrunta aldatuz joan da milurteetan. Antzinako grekoentzat, ohartarazten du Agambenek, praxiaren zentzua eta produkzioarena desberdinak ziren. Produkzioak bere burutik kanpo ditu mugak; praxia buruaskia da, eta ekintzaren bidez iristen ditu bere mugak. Horrenbestez, ez da produktiboa eta presentzia bilaka daiteke1.


Inprobisazioan, pentsamenduak eta ekintzak bat egiten dute eratu gabeko praxi batean. Hori diodanean, amaieraraino eratu gabeko praxi batez ari naiz, osatu gabe dagoen, bere burutik kanpo oraindik mugarik ez duen praxi batez. Haren eragina elkarreraginaren baitan dago: beste batzuek hartu behar dute parte, entzuten, edo/eta soinuak eratzen. Inprobisazioan, egindako keinuek erantzuna behar dute elkarrizketak aurrera egingo badu. Baina gainerako musikariek erantzun zehatz bat ezin igar baitezakete, keinuak aritzen dira etengabe sartzen eta elkarrizketa hasten. Bestela gertatzen da, hala nola, John Cageren piezetan, haietan argibide kontzeptualek (adibidez, “amaiera”) erabakitzen baitituzte “probabilitate” artifizialki banandutakoaren mugak; inprobisazioak, ordea, bete-betean agertzen die besteei keinu bakoitza, eta “kontzeptu” bereziak elkarrekin koexistitzera behartzen ditu. Keinuak ez daude inoiz bakarrik, zeren isiltasunak berak ere esanahia baitu; inprobisazioan ez dago gauza neutralik. Esanahia etengabe ari da sortzen, eta ez dago inoiz bere testuingurutik bakartuta.


Politika medialitatea erakustea da: bitarteko bat berez ikusgai egitearen ekintza da. Politika ez da ez helburu baten ez helburu baten mendean dauden bitartekoen esparrua; areago da medialitate puruaren esparrua, giza pentsamenduaren alorra izan behar duena2.



Balioa (ekonomikoa, kulturala, espirituala...) produktu ukigai, zehazki definituarekin identifikatzen duen ideologiaren (pentsamendu kapitalistan aspaldi zaharkitutako ideologiaren) ikuspuntutik ikusita, inprobisazioak ez du ezertarako balio, haren baitako ezerk ez baitu funtzionatzen haren testuingurutik kanpo. Musikariak aukera komunen bilaketan borrokatzen diren unearen arabera soilik funtzionatzen du inprobisazioak. Helburua borroka bera da. Ikuskizunaren barruan hizkuntza bat aurkitzea da xedea, zeinean musikariek denbora horretan aurretiko formak erreproduzitzeari uzten baitiote. Produkzio kapitalista hotz basatiaren barruan argot bat sortzean, erreferentziak desagertzen hasten dira.


Sistema horretan sartuta gauden kontzientziak bizirik dirau: irrigarria izango litzateke hark gugan eraginik ez duela pentsatzea, baina hori bezain irrigarria izango litzateke pentsatzea, besterik ezean, egiten dugun orok haren funtzionamendu eraginkorrari lagundu behar diola.



Argot


Bizi garen garaia bada orobat, egia esan, gizakiei beren funts linguistikoa bizitzea estreinako aldiz posible izan zaien garaia. Posible izan zaie bizitzea, ez halako eduki linguistiko edo egiazko proposamen bat, hitz egitea bera baizik. Hemen aipatzen den bizipenak ez du inongo eduki objektiborik eta ezin formula daiteke egoera edo une historiko bati dagokion proposamen gisa ... bizipen hori pentsamenduaren beraren gaiari dagokion esperimentu moduan eraiki behar da...

Agamben Means Without Ends


Jabetzen baldin bagara sistema horiek nola bakar ditzaketen, baita aurkeztu ere, gure desira-objektuak, erresistentzia uneak sortzeko moduak aurkitzera irits gintezke. Nekez amets liteke egoera perfektu bat (hau da, burutua), dena zoragarria izango litzatekeela uste duzun egoera bat (Zer gertatzen da lortu denean? Gelditu egin behar al da?). Egoera praktikatik sortzen da: xedetzat nahi beharko litzatekeen modus operandi bat da. Kapitalaren begiak -dela merkatu ikerketenak, dela poliziarenak- zeren bila ari zaren konturatzen direnean, erraza zaie zu gobernatzea. Argot kontzeptua analogia izan daiteke hemen, musikak eta hizkuntzak erregistro desberdinetan funtzionatzen badute ere. Argota, benetako hizkuntza ez denez, instituzionalizatzen zaila da. Argotak badu alderdi hori, hizkuntza bat bereganatu eta gauza pertsonal bihurtzekoa (hori merkataritza sekretuan eta beste zenbait negozio uherretan erabiltzen da batzuetan). Argotean, aurretiko esanahia bihurritu egiten da erabiltzaile bakoitzak une jakin batean eman nahi dion helburuari zerbitzatzearren.


Musika hau ustez instrumentuaren helburua denarekin alderatutako ikerketaren eta musikarien eta entzuleen artean era kolektiboan sortutako erantzuteko modu “pertsonal” baten arteko konbinazioaz sortzen baita, horrenbestez sortutako musika hizkuntzak une horretako komunikagarritasunerako soilik balio du. Ezin esporta daiteke kanpora. Ideiak eraman ditzakezu, baina testuinguruan jarri beharko dituzu, alegia, musikaren osagai bakoitza kontsumitzaileak aktibatzeko dagoela hor (eta prozesu horretan kontsumitzailea ekoizle bihurtzen da). Erabaki hartzea nabarmenagoa da gisa honen musikaren kontsumoan beste genero batzuen kasuan baino; besteetan prozesuaren faseak argiago baitaude definituta, hau da: konposizioa, jotzea, ospea lortzea, e.a. Musika inprobisatuak ez ditu aintzat hartzen lan “estetikoa”ren banaketak, esanahi paketatuetan arrakalak ireki nahian: praxiaren hiztegi itsatsiak infiltratu, deformatu eta zabalduz.


Mattin


1 G. Agamben, The Man Without Content.

2 G. Agamben, Means Without Ends.